Lehenetsitako aplikazioak KL-tik

Komando-lerrotik fitxategien irekiera kudeatzen

xdg-utils aplikazioak mahaigainean integratzea ahalbidetzen duen tresna sorta bat da, erabiltzaileak darabilen mahaigain ingurunea edozein delarik ere. Komando-lerrotik irekitzen diren URL eta fitxategien portaera kudeatzen laguntzen duten hainbat tresna biltzen ditu, fitxategiaren MIME motaren arabera erabili beharreko aplikazioak lehenesteko aukera, gogoko web nabigatzailea zehazteko aukera eta abar.


Oinarrizko hainbat eragiketa
  • Adibidez, fitxategi jakin bat zein MIME motakotzat jotzen den jakin nahi baldin bada, demagun .jpg luzapena duen bat, honakoa exekuta daiteke:

xdg-mime query filetype irudia.jpg

ondo bidean image/jpeg erantzuna jasoko dugu. 

MIME edo multipurpose internet mail extension, fitxategien mota eta edukia zehazteko erabiltzen den estandar bat da.

  • Eredu bera erabiliz, irudia.jpg fitxategiaren MIME motaren araberan, irekitzeko lehenetsirik dagoen aplikazioa zein den jakiteko:

xdg-mime query default image/jpeg

IANA erakundea da MIME moten erregistroa zaindu eta mantentzen duen erakundea. Hau da MIME mota zerrenda ofiziala.

  • Eredu berarekin jarraituz, image/jpeg MIME motako fitxategientzat irudi-ikustaile zehatz bat lehenetsi nahi baldin bada:

xdg-mime default shotwell.desktop image/jpeg

era berean, text/html MIME motadun fitxategi guztiak gogoko(Firefox) web nabigatzailearekin ireki daitezen ondorengoa exekutatu:


xdg-mime default firefox-esr.desktop text/html

  • Lehenetsitako web nabigatzailea zein den ezagutzeko:

xdg-settings get default-web-browser

  • Lehenetsitako web nabigatzailea Firefox ote den egiaztatzeko:

xdg-settings check default-web-browser firefox-esr.desktop

  • Firefox lehenetsitako web nabigatzaile moduan zehazteko:

xdg-settings set default-web-browser firefox-esr.desktop

Aldaketak burutu ostean probatzeko garaia da, hau da, fitxategiak komando-lerrotik irekitzeko unea.

  • Fitxategi bat komando-lerrotik irekitzeko, adibidez irudia.jpg, exekutatu:

xdg-open irudia.jpg

  • Ireki nahi dena URL bat baldin bada:

xdg-open https://eu.wikipedia.org



πŸ“Œ html formatuko rust dokumentazio liburua irekitzen saiatu nintzen batean web nabigatzailearen ordez abioko-usb gailuak egiteko erabiltzen den Balena Etcher ireki zitzaidan. Irtenbide baten bila arazoa ikertzen hasi eta xdg-utils ezagutu nuen.